LAGUN DIEZAIOGUN ETIOPIAKO WUKRO HERRIARI!!
HEMEN TANTA, HAN EURI!!
Eskolan jasangarritasunaren aldeko heziketa bultzatu nahian, Eskola Agenda 21 proiektua aurrera eramaten hasi ginenean urtero gai bat lantzen genuen eta eskolan, etxeetan eta herrian zeuden gizarte eta ingurumen arazoak aztertu eta helburu batzuk finkatzen genituen, hobekuntzarako proposamenak eta alternatibak adostu eta martxan jarriz.
Bide horretan bigarren eskuko azoka egiten hastea erabaki zen, soberan edo erabiltzen ez genituen gauzei etekina atera eta erabilpen berri bat emateko. Bigarren eskuko azoka egiten hasi ginenean argi genuen bertan ateratzen zen dirua helburu solidarioren baterako erabiliko zela eta azkenean Etiopiako Wukro herrira bidaltzea erabaki zen bertan zituzten hainbat proiektutan laguntzeko.
Ondoren, urtero herrian egiten den Kultur Asteko azokan, hiru saski zozketatzen hasi ginen. Hiru saski horiek ikasle, irakasle eta gurasoen aportazioekin (tartak, mermeladak, gazta, babarrunak, eskulanak, …) eta Gazta Lehiaketako hiru gazta irabazleekin osatzen dira.
Azoka egunean Etiopiako Wukro herriari laguntzeko postua jartzen dute ikasleek eta bertan hiru saskien boletoak, eskolako baratzako barazkiak eta ikasleek egindako produktuak saltzen dituzte. Bertan bildutako dirua, bigarren eskuko azokan bildutakoarekin batera Etiopiako Wukro herrira bideratzen da Etiopia-Utopia Elkartearen bitartez.