J.A. Muñagorri eskola, 1200 biztanleko landa eremuko herri txiki batean kokatuta dago, Berastegi herrian, ingurugiro natural ezin hobean. Ingurune euskaldun batean gaude eta gure ikaslegoaren %98aren ama hizkuntza euskara da, eta hizkuntza honetan ezagutza eta erabilera maila polita daukate.
Gure eskolan egun 97 ikasle daude 7 taldetan banatuta, eskola txiki bat gara eta guretzat adin aniztasuna gure indar-guneetako bat da.
Gure eskolak kalea hartzen du, herria bustitzen du eta ikasleak protagonistak izanik ere, irakasle nahiz familiekin batera komunitate bat osatzen dugu, Hezkuntza Komunitatea. Eskola jendartearen garapenerako eremu gisara ulertzen dugu, herri eraikuntzarekin arduratutako erakunde gisara, gizakion lehen urrats horietan bizitzarako ezagutza eraikitzeko topagune esanguratsu gisara. Gure eskolak, konpetentzietan oinarritutako hezkuntza du ardatz eta horretarako komunitate osoaren laguntzaz proiektu ezberdinak gauzatzen ditugu.